1979-80 ikasturtean ekin zitzaion Getarian “San Salvador” ikastola eta “Agrupacion Escolar Mixta” eskola publikoa bateratzeari. Hainbat urtetan hiru eraikuntzetan eskolatuak izan ziren ikasleak: jesuiten egoitzan, gaur egungo Kultur Etxean eta Udaletxean.

1985-86 ikasturtean inauguratu zen Sahatsaga kalean Iturzaeta Herri Eskola. Askizuko eskola itxi eta garraio zerbitzua abian jarri zen hango ikasleak ere bertan eskolaratzeko.

1990-91 ikasturtean, Meagako Goi zikloko ikasleak (11-14 urte) ere ikastetxe honetara bideratu ziren.

1995-96an jarri zen martxan jangela Guraso Elkartearen ekimenez.

1996-97an, Meagako eskola itxi zuten eta hango ikasleak Iturzaeta Herri Eskolara hasi ziren. DBH ezarri zen eta ordutik HH eta LH eskaintzen dugu.

ikastetxea

Urteak joan urteak etorri aritu gara kudeaketa partehartzailea eta aktiboa nahiz kalitatezko hezkuntza sustatzen. Konpromiso garbiak hartu ditugu gai hauekiko:

  • Gure hizkuntza eta kultura
  • Ingurumena
  • Gure herria
  • Kultur aniztasuna
  • Teknologia berrien trebakuntza eta erabilera
  • Elkarbizitza

zanbuka_bor

 

Etengabe sortzen diren beharrei erantzun nahian ari gara “Zanbuka” guraso elkartearekin elkarlanean:  garraioa, eskolaz kanpokoak…

Eskola eta familiaren arteko loturak estutzeko ahaleginaren isla dira ikastetxeak eskaintzen dituen zenbait ekimen: gurasoentzako hitzaldiak, gurasoen partaidetza batzordeetan (ekonomi batzordea,  ingurumen batzordea, kirol batzordea, bizikidetza batzordea).

Ikastetxea eta familia, heziketaren osagai diren neurrian, elkarren arteko koordinazioari erantzutea litzateke gure erronka nagusietariko bat.

gaurkotua

  • Eskolako hezkuntza-jardueran egungo gizarteari erantzuten saiatzen gara, berrikuntzak kontuan hartzen, gurasoen oniritziarekin eta irakasleria prestatuz.
  • Metodologia egokitua dugu talde lana sustatzeko, teknologien erabileran trebatzeko, ingurunea errespetatzeko eta oinarrizko gaitasunak lantzeko.

gaurkotua

  • Eskola komunitatea osatzen dugun partaide guztien bizimoduak, iritziak, baloreak eta erlijioari buruzko iritziak errespetatzen ditugu, inongo diskriminaziorik gabe.
  • Familiek hala eskatuz gero, erlijio-heziketa emango da haien haurrentzat.

gaurkotua

  • Irakasleek eta gurasoek ikastetxearen kudeaketan parte hartzeko eskubidea sustatu eta bermatzen dugu.
  • Elkarrekin bizitzeko eta elkarren arteko begirunerako arauak eta ohiturak bultzatzen ditugu, norbera pertsona gisa gara dadin

gaurkotua

  • Euskaraz hezi eta bizi. Euskal Herriko partaide bezala, ikasleen kultur nortasuna lantzen dugu, historia azalduz, eta ingurunean sustraitzea sustatuz.
  • Euskal kultura bultzatzeko, transmisio eta bizipenei loturiko jardunak eratzen ditugu, eta besteek antolatutakoetan parte hartu.
  • Ikastetxeko hizkuntza euskara da eta gaztelania gai bezala lantzen da. Hirugarren hizkuntza bezala ingelera eskaintzen da.

gaurkotua

  • Herrian integratutako eskola izanik, udalarekin eta hainbat elkarterekin izan ditzakegun harremanak aldarrikatzen ditugu: kirol, kultur, komunikabide elkarteak.
  • Garapen jasangarrirako Ingurumen Hezkuntzaren aldeko apustua egiten dugu, ingurumena eta gizartea integratuz.

gaurkotua

  • Gizartearen aniztasunetik abiatuta, eskola inklusiborantz jotzen dugu berezitasun guztiei tokia eta garrantzia emanez, inolako diskriminaziorik gabeko ikastetxea erdiesteko. Pertsona irekiak, kritikoak eta autonomoak lortu nahi ditugu.
  • Hezkuntza beharrak dituzten ikasleei erantzuteko baliabideak antolatzen ditugu.

GETARIATIK TOLOSARA, HAURTZAROAN ETA GAZTAROAN

Getariako Iturzaeta eskolari izena jarri behar zitzaionean, herriko seme eta kaligrafo ospetsuaren deitura hautatu zuten, hark sorturiko idazketa-metodoak bere garaian izan zuen sonagatik, agian.
 
Aipatu herrian jaio zen Jose Frantzisko Iturzaeta Eizagirre, 1788ko azaroaren 23an. Ez zitzaion familia aberatsa egokitu, nonbait, eta umetan, Elkanoren jaioterria utzita, osaba-izebengana joan behar izan zuen; lehenengo, Irunen jasoko zuen haien babesa eta gero, Donostian,. Gainera, azken horretan ezkondu zen, eta 19 urte zituela hiri osoan ezagutzen omen zuten.
 
1813an, ordea,  abuztuaren azken egunean hasitako erasoak errauts bihurtu zuen hiria, eta Tolosara joan behar izan zuen. Edonola ere, aurrera egiten asmatu zuen; probintziako “Contaduria de rentas” (Errenten kontularitza) delakoan, bigarren ofizial izan zen urtebetez.

MADRILEN KALIGRAFO LANETAN

Handik 3 urtera, 28 urte zituela, Madrilera joan zen emaztea eta semea hemen utzita. Bertan ezagutu zuen Torcuato Torio. Lanerako laguntzaile gisa hartu zuen hark, eta kaligrafiaz aholku eta lezio anitz eman zizkion Toriok Iturzaetari.
 
Urte batzuk geroago hasi zuen Iturzaetak Joan Migel de Egilazekiko harremana, 1820. urtean. Ordurako, hura ikastetxe pribatu baten buru zen, eta, elkarlanean, ikastetxe hura Gorteko garrantzitsuena izatea lortu zuten.
 
Dudarik gabe, proposatzen zituen erreforma haiek eragin zuten kontrako iritzirik. Dena dela, haiei aurre eginez joan behar izan zuen, eta kaligrafo ospetsua zen jada, 1835ean. Urte horretan bertan, eta Errege- Aginduz, lehen hezkuntzako ikastetxe eta eskola guztietan, getariarrak argitaraturiko bi lan hauek erabiltzea derrigortu zuten:  Arte de escribir la letra bastarda española  eta Colección ampliada de la misma letra. Hurrengo urtean, beste Errege-Agindu baten bitartez, titulu eta azterketarik gabe, irakasle izan zedin baimena jaso zuen. Aurrerago, 1849an, sortu berria zen kargu bat bete zuen: lehen hezkuntzako ikuskari orokorrarena, alegia. Eta urte horretan bertan, abenduan, Escuela Normal Central de Maestros delakoaren zuzendari izendatu zuten. Ordura arte izandako lanbideen artean garrantzitsuena zen azken hori, baina ez zuen hartaz luzaro gozatzerik izan. Izan ere, Madrilen zendu zen, 1853ko azaroaren 19an, 65 urte zituela.

ARGITARATURIKO LANAK

Oparoa izan zen haren ekoizpena. Gaztelaniaz idatzi zituen, besteak beste:

  • Arte de escribir la letra bastarda española (Madril,1827), hamar edizio izan zuena (azkena,1890an)
  • Orden de enseñanza, o sea método de ampliada colección de muestras de letra española (Madril, 1828), bost edizio
  • Una gran mesa revuelta (1816)
  • Colección de muestras de letra española (Madril, 1827)
  • Colección de grandes muestras de letra bastarda española (Madril, 1827)
  • Juego caligráfico en encerado
  • Gramatocosmia universal
  • Colección general de alfabetos de los caracteres más hermosos de Europa, corregidos y mejorados en las formas y proporciones que los distinguen, con explicaciones particulares, o sea un Compendio de Caligrafía General (Madril, 1833), Maria Kristina Borboikoa erreginari eskainia
  • Método cursivo o sea segundo curso de escritura española (Madril,1845)
  • Caligrafía para los niños, o sea Compendio del Arte de escribir la letra española (Madril, 1851), (14. edizioak, 1935-58 bitartean eskoletan derrigorrez ezarria, laminak, kartelak, arbelerako kaligrafia-jokoa eta hizki etzanean idazteko metodoa zituena, besteak beste)
  • Sistema mixto general, o sea régimen de las escuelas de instrucción primaria elemental y superior, precedido de la planificación de las mismas (Madril, 1846)

ESTILOA

Ez zen gehiegizko apaingarrien aldekoa izan, ezta papera gehiegi urratzearena ere. Horrek ekarri zuen onurarik, kaligrafiari zegokionez, baina bultzatu nahi zuen hizki mota estetika gutxikoa zela diote, lotuaren eta etzanaren antz gutxikoa.

Bukatzeko, bi ezaugarri nagusi aipatu beharko bagenitu,  marra zuzenetan zuen segurtasuna, eta lerro kurbatuei ematen zien grazia eta zehaztasuna izango lirateke.