2018-05-14

“HEZKUNTZAREN ALDEKO AKORDIOA” DOKUMENTUA EZ DA EUSKAL HEZKUNTZA LEGEAREN OINARRIA

 

EHIGEk “Hezkuntzaren aldeko akordioa” dokumentuari buruz Euskadiko Eskola kontseiluak egin duen txostenaren aurka bozkatu du eta bozketa partikularra aurkeztu du ondorengo arrazoiengatik:

Dokumentu hau ez da etorkizuneko Euskal Hezkuntza Lege baten oinarria, mugatua eta eskasa delako, ez bait die heltzen oinarrizko gaiei, horien artean hezkuntza-eredua, eskola publikoaren zeregina eta bere finantzaketa.

Kontu hauek lehentasuna dute, eta ezin dira utzi hurrengo fase baterako, bigarren mailako kontuak balira bezala.

-Akordioa lortzeko ezinbestekoak dira:

  • Sistemaren egungo antolaketa, statu quo-a eta honen ondorioen azterketa. Ez da eztabaidatu gure hezkuntza-sistemaren statu quo-a. Zentzu honetan, kezkatu egiten gaitu dokumentuak eskola publikoa behin ere ez aipatzea. Hezkuntza onartutako eskubide bat da eta botere publikoek dute soilik berau garantizatzeko ahalmena.
  • Finantzaketa-ereduaren berrikuspena. Azken urteetako aurrekontuen hezkuntza-politikak berrikusi behar dira, zeintzuk Europako gainontzeko herrialdeetatik urrundu gaituzten hezkuntza-eredua kontsolidatu duten. Azken hamarkadako aurrekontuen politika aztertu behar da, sare pribatuaren hazkundea sustatu baitu sare publikoan doitze politikak ezarri diren bitartean.
  • Aniztasunari erantzun egokia ematea. Akordio batek berdintasun baldintzetan planteatu behar du hezkuntzarako sarbidea eta modu ekitatiboan erantzun goraka doan aniztasun sozial, ekonomiko, etniko, linguistiko, kultural eta indibidualari.
  • Guzti hori gure hezkuntza-sistemaren diagnostiko partekatu batetik abiatuz. Egungo egoerari zein etorkizunerako nahi dugunari buruzko akordio edo adostasun batetik abiatu behar da paktua. Euskal Eskola Publikoak gure gizartean egindako paper egituratzailea aitortu behar da eta aztertu egin behar da 1993tik gaur arte egindako ibilbidea, baita aldaketa sozial eta lege mailakoak ere. Aztertu behar dira ere estatuko hezkuntza-esparruak ezartzen dituen murrizketak eta irakasle kidegoaren eredu publikoa.

Gizarte kohesio eta hezkuntza inklusiorako hezkuntza eredu berria behar dugu. Hezkuntza Lege berri bat egiteko prozesua aukera bat izan behar da egungo sistema erreformatu eta aurrekoaren mugak eta ahultasunak gainditzeko, egun dauden desberdintasunak konpentsatu ta guztientzako kalitatezko hezkuntza integrala bermatzeko. Zentzu honetan, gizarteak premiaz behar dituen hobekuntza sozialerako helburuak lehenetsi behar dira, interes korporatibo, ideologiko edo segregazioa helburu dutenen gainetik. Horretarako, erronka berri hauei erantzungo dieten eta egungo statu quo-a gaindituko duten politika berriak behar ditugu.

Amaitzeko, EHIGE-k argi utzi nahi izan du parte hartu duela EEK-ren eztabaida prozesu guztian, hezkuntza-komunitatearen pate-hartze organo horren kide den aldetik.  

Iturzaeta Herri Eskola
telefonoa943.140.729
helbidea
Sahatsaga 16, 20808 GETARIA
Harremanetarako

Kokapena
Lege oharra | Pribatutasun politika | Cookie Politika